XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbait proposamen Eritzi defendagarria da edozein hizkuntza gutxiendun babestu eta lagundu behar dela.

Askok esaten dutenez, hizkuntza guztien eskubideak berdinak dira eta hizkuntzen erabilpenean inolako diskriminaziorik ez da gertatu behar.

Gure ustez, beste baieztapen hau egin behar da; hizkuntza gutxienduen aldeko diskriminazio positiboa gertatu behar da.

Dena den, hauek eritziak dira eta eritzi guztiak eztabaidagarriak gerta daitezke.

Eremu urriko hizkuntza bat babestu, lagundu edota aldeko era batez diskriminatu behar bada ere, hizkuntza horrekiko zenbait neurri hartu behar dira, eta, guri dagokigunez, idazleen egoerarekiko neurriak, jakina.

Honi buruz aztertzen hasten garenean, behin eta berriro ispilu bertara begiratzen dugu: Suediako idazleen egoera.

Nola ez! Guztiz ezaguna da Suediako Estatuaren eta Suediako idazleen Batasuna delako Elkartearen arteko akordiak eta harremanak.

Aipatutako elkarte honek, era ofizial eta iraunkor batez, bai argitaratutako, bai liburutegi publiko eta pribatuetan maileguz utzitako, eta baita, liburu bati ateratako xerokopian gaineko ere kanon bat edo kuota kobratzen du.

Modu honetan bilduriko baliabide ekonomikoak idazleei banatzen dizkie, bai laguntza zuzena emanez zenbait kasuetan, baita beste zerbitzu asko beraiei eskeiniz ere.

Zer esanik ez, beste nazioetan (URSS-n, Italia-n, Frantzia-n, Inglaterra-n) idazleen egoera positiboa aurki daiteke.

Saia gaitezen beraz, orain arte bi kontzeptu nagusiekiko emandako oharrak elkartzen.

Alde batetik, hizkuntza gutxienduen bilakaera babestu behar da: puntu honetan gure Jaurlaritza Autonomikoek badute zeresanik; beste aldetik, idazleen egoera bultzatzeko neurriak eta adibideak daude.

Puntu honetan, gure Jaurlaritza Autonomikoek beharrezko ahalmenak dituzte; konkretuki, kultur arloan ia erabatekoak.

Beraz, bide honetatik ibil gaitezen.

Hurrengo urratsak exijitzea gure esku dago.

Eta norabide honetan lege gordailuari buruz proposamen hau egin nahi dugu: Eusko Jaurlaritzak gure kasuan eta besteetan gainerako gobernu autonomoek argitaratutako liburuen lege gordailua hizkuntza horren gainean konpententzia duen erakundeak hartu beharko luke, era oso batez.

Ofizialtasuna emango lioke, bestalde, gaurregun erakunde pribatuak urtero prestatzen duen liburu estatistiken erabateko ziurtasunik gabe egindakoak.